Teknopolitika eta burujabetza uztartzeko tailerra

Teknopolitikaren ardatzak, begiradak eta lanketak lantzeko helburuarekin hasi zen ekainaren 4an Torrekuan (Orereta) egindako Teknopolitika eta burujabetza uztartzeko bideak tailerra, apirilean eginiko jardunaldiaren jarraipen gisa.

Atal teorikoan, Guiomar Roviraren ardatz analitikotik abiatuta (zentralizatua/deszentralizatua eta determinista/askatzailea), hainbat begirada teoriko jorratu zituzten: Yuk Huiren kosmoteknia, Yasnaya Elena Aguilar Gilen tequiologia, Sadie Plant eta Helen Hesterren ziberfeminismoa/teknofeminismoa, McKenzie Warken bektorialismoa eta Cecilia Rikapen mendekotasun digitalaren teoria. Hortik abiatuta, burujabetza teknologikoaren definizioa eta software librearen, pila teknologikoaren eta prokomunaren kontzeptuak landu zituzten, baita kooperatibismo eta alternatiba teknologiko batzuen adibide zehatzak ere: Coopcycle, Guifi.net, Fedibertsoa, Decidim, besteak beste.

Tailerraren zatirik praktikoenean, partaideek beren erakundeetan erabiltzen dituzten tresnak ardatz teorikoetan kokatu zituzten —barne eta kanpo komunikazioa, kudeaketa-tresnak, biltegiratzea— eta alternatiba burujabeak proposatu zituzten. Ondoren, Bide Orri Teknopolitikoa (BOT) eta Burujabetza Digitala Berreskuratzeko (BDB) ekintza-ildoak landu zituzten, baita teknofaxismoari aurre egiteko diagnostiko koiunturalago bat, Big Tech eta Estatuen arteko fusioa eta determinismo ideologikoa mahai gainean jarrita.

Bigarren tailer-zatian, Publizitate Erasoari Erresistentzia (RAP) neurriak eztabaidatu zituzten —enpresa teknologiko handien komunikazio tresnekin praktikoki zer egin erabakitzeko—, eta talde bakoitzak bere Burujabetza Ekintza Teknopolitikoa (BET) propioa diseinatu zuen. Itxieran, gogoeta partekatua egin eta azken ideia honekin amaitu zen tailerra.

Burujabetza digitalaren erronka ez da soilik teknikoa, ez da soilik politikoa ere, epistemikoa ere bada. Hiruak dira aldi berean. Eta erronka horri erantzuteko, ezinbestekoa da hiru dimentsio horiek —teknologia-eredua, botere-eraikuntza, teknologia ulerkera propioa— uztartzea. Teknologia ez da helmuga, bidea da; bidean zehar nola ibiltzea erabakitzeko gaitasuna, burujabetza eta hori egikaritzeko bidea teknopolitika.

Erabilitako aurkezpena deskargatu