Teknopolitika eta burujabetza uztartzeko bideak, mapak, gidak

Nola berreraiki botere publikoa plataforma digitalen nagusitasunaren aurrean? Nola hautsi teknologia-konpainia handiekiko mendekotasun-kateak? Nola eraman praktikara gure erakundeetan burujabetza teknologikoaren agenda teknopolitikoa?

Galdera hauek eta beste batzuk izan ziren ardatz apirilaren 21ean Bilbon egin zen jardunaldian. Teknopolitikaren eta burujabetza digitalaren inguruko bi ikuspegi kritiko elkarrekin jartzeko aukera eskainiko zigun saioak Paolo Gerbaudoren eta Cecilia Rikapen hitzetan.

Paolo Gerbaudok azpimarratu zuen burujabetza digitala ezin dela programa tekniko edo etiko soil gisa tratatu; proiektu politiko gisa eraiki behar da, pasio kolektiboak sortzeko gai izango dena. Nabarmendu zuen proiektu politiko ororen moduan, irabazleak eta galtzaileak daudela: gehiengo sozialak irabazteko asko du, baina berak “app-erosle burgesia” deitzen duenaren interesak aurkakoak direla ere azaldu zuen. Horregatik, burujabetza digitalaren aldeko kontakizunak ez du bakarrik printzipio gisa duen balioa frogatu behar, baizik eta jendeari ekartzen dizkion abantaila material zehatzak ere bai eta horretarako, irudimen politikoa eta trantsizio horren une ezberdinak artikulatzeko gaitasun estrategikoa behar dira.

Cecilia Rikapek burujabetza hori zergatik den hain zaila lortzea ulertzeko egitura-markoa eskaini zuen. Bere TeorĂ­a de la Dependencia Digital liburutik (Caja Negra, 2026) abiatuta, monopolio teknologikoek nola kontrolatzen duten berrikuntza globala kartografiatu zuen, estatuak bezeroak morroi bihurtzen dituen estrategia, haiek gabe gobernatzeko gai ez diren arte. Datu-zentroak atzerriko lurraldeetan dauden base militarrekin alderatu zituen: kostuak hartzaile-herrialdearen gain geratzen dira, eta onurak egoitza nagusietara doaz. Horren aurrean, azpiegitura publikoak eta eredu irekiak dituzten ekosistema digital alternatiboak eraikitzea proposatu zuen, hezkuntza, osasuna eta tokiko gobernantza bezalako arazo sozial errealei erantzuteko, diseinu kolektiboen bidez.